Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak porrota jaso du Granadaren aurka (3-0)

L.U. | EITB MEDIA

Nafarroako taldeak 3-0 galdu du Granadakoaren aurka, Jagoba Arrasateren mutilak ez baitira etxekoei erantzuteko gai izan. Pellistri, Unzuni eta Lucas Boye izan dira neurketako golegileak.

  • Granada vs. Osasuna

    Granada vs. Osasuna Argazkia: EFE

Osasunak 3-0 galdu du Granadaren aurka Nuevo Los Carmenes zelaian EA Sports Ligako 33. jardunaldiko partidan. Etxeko taldeak nagusitasunez lortu du garaipena; izan ere, bigarren gola jaso ostean Osasuna ez da erantzuteko gai izan.

Talde gorritxoa, etxeko lanak eginda, Europako zonaldetik urrun eta sailkapenaren presiorik gabe, garaipenaren bila joan da, aurreko bi partidetan bi porrot jaso ondoren, baina Granadak 3-0ekoa jarri du markagailuan aurkari apatiko baten aurka.

Norgehiagokako lehen minutuetan, bi taldeak nagusitzen saiatu dira, baina etxeko taldeak gehiago arriskatu du, eta azkar ateratzen saiatu da aukera izan duen bakoitzean. Horrela, Granadaren lehen iritsieran, 29. minutuan, Pellistrik oso ondo errematatu du area barrutik 1-0ekoa jartzeko.

Gorritxoak suspertu egin dira, eta minutu batzuk geroago iritsi da Nafarroako taldearen lehen gol aukera. Ruben Peñak Ignasi Miquelen irristada aprobetxatu du erdiraketa bat egiteko, eta Raul Garciaren burukadak zutoina jo du.

Osasunak erasora jo du atsedenaldira iritsi aurretik berdinketa lortzeko, baina Granada ondo aritu da defentsan. Azkenean, etxeko taldearen aldeko markagailuarekin bukatu du lehen zatia.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Granadako taldeak bigarren gola egin du. Jozwiaken pase on baten ostean, Unzunik ez du huts egin buruz burukoan Sergio Herreraren aurrean.

Minutu batzuk geroago, Sandovalen taldeak beste gol aukera garbi bat izan du. Hala ere, Uzuniri kanpora joan zaio errematea.

Talde gorritxoa erabat zatituta zegoela, Andaluziako taldeak ate aurrean asmatu ez duelako ez da markagailua askoz ere argiagoa izan. 75. minutuan, Arezok hirugarren gola sartzeko aukera izan du etxeko taldearen alde.

Azken minutuek Osasunaren joko ahula berresteko besterik ez dute balio izan, dagoeneko ezer jokoan ez duela oso lau eta uzkur aritu baita partida osoan zehar. Azken jokaldian sartu du Lucas Boyek 3-0ekoa.

Fitxa teknikoa

Granada: Batalla; Bruno Mendez, Rubio (Piatkowski, 89. min), Ignasi Miquel, Carlos Neva; Sergio Ruiz (Hongla, 73. min), Gumbau, Pellistri (Gonzalo Villar, 79. min), Jozwiak (Callejon, 79. min); Uzuni (Matias Arezo, 73. min) eta Lucas Boye.

Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Herrando, Catena, Mojica (Juan Cruz, 82. min); Iker Muñoz (Torro, 72. min), Moncayola (Ibañez, 55. min), Moi Gomez, Ruben Peña (Unai Garcia, 72. min), Ruben Garcia (Arnaiz, 55. min); eta Raul.

Golak: 1-0 (29. min), Pellistri. 2-0 (48. min), Uzuni. 3-0 (95. min), Lucas Boye.

Epailea: Muñiz Ruiz. Txartel horia atera die Lucas Boye (20. min), Jozwiak (22. min), Sergio Ruiz (32. min) eta Rubio (37. min) Granadako jokalariei.